XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Normalean, haur edo nerabeen batek kexa bat daukanean, hezitzaile edo tutorearekin hitz egiten du, bien artean konpontzen saiatzeko asmoz. Gehienetan, haur eta nerabeek badakite haurtzarorako zerbitzu berezituetara jo dezaketela, baina oso gutxitan aipatu dute horrelakorik.

Ez dago idatzizko prozedura formalik erabiltzaileak babesteko zentroa sarri bisitatzen dutenen, plantilako kideren baten edo beste erabiltzaile baten abusuzko jokamoldeen aurrean.

Zentro guztietan erabiltzaileek esan digute seguru sentitzen direla plantilako edozein kideren aurrean, nahiz eta argi egon, normala den bezala, batzuk besteak baino nahiago dituztela.

Langileen eta erabiltzaileen arteko harremanak onak dira oro har, eta normalean errespetua eta giro ona izaten dira hala hitzezko tratuan nola harreman fisikoetan, bai behintzat ahoz egindako elkarrizketetan eta idatzizko galdetegien bidez jakin dugunaren arabera.

Jakin dugu kasu batzuetan arazoren batzuk gertatu direla, hitzezkoak nahiz fisikoak, era honetako babes zentroetan ematen den atentzioaren ildoetatik urruntzen direnak. Hainbat haur eta neraberekin eduki ditugun elkarrizketen arabera, badirudi era horretako gora-beherak oso gutxitan gertatzen direla hezitzaileekin. Hala eta guztiz ere, horrelako jarrerak ez dira inola ere onargarriak, baita haur edo nerabeen jokamolde istilutsuen erantzun gisa gertatzen badira ere.

Bestalde, aztertu ditugun zentroetan haur edo nerabeak ez dira inoiz zigortzen otorduren bat egin gabe edota ohiko bisita erregimena mugatuz.

Guk dakigula, erakunde publiko eskudunek ez diete hartu beharreko neurriei buruzko arau idatzirik ezarri zentroei haur edo neraberen batek baimenik gabe zentrotik alde egiten duenean.

Zentroek halako jarraibide batzuk erabiltzen kasu horietan, hau da: haur edo nerabea gehien ibiltzen den tokietan bilatzen saiatzea, familiarekin harremanetan jartzea, gertatuaren berri ematea administrazio eskudunari, eta, hogeitalau ordu igaro ondoren, desagertzearen parte ematea.

Heziketari garrantzia ematen zaio oro har, nahiz eta profesionalek oso argi ez ikusi egoiliarrek zentzu horretan eduki ditzaketen etorkizuneko aukerak, haietako asko atzeratuta daudelako eskola-mailari dagokionez.

Heziketako zikloaren jarraitasunari eusteko ahaleginak egiten dira, haur edo nerabeak bere betiko ikastetxean ikasten jarrai dezan, ahal baldin bada, baina askotan egoitzen kokaeragatik ezinbestekoa izaten da eskolaz aldatzea.